XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irlara eraman ninduten bi zaldunak beren arazo pribatuengatik beharturik zeuden hiru egunen buruan itzultzera, berrikiago hildakoren batzuk ikusten eman nituenak, geure herrialdean eta Europako beste batzuetan azken berrehun edo hirurehun urteetako pertsonalitaterik handienak izandakoak, alegia; eta antzinako familia ospetsuen miresle handia izanik beti, dozena bat edo bi errege zortzi edo bederatzi belaunaldiz izandako arbasoekin deitzeko erregutu nion Gobernariari.

Baina nire etsipena mingarria eta ustegabekoa izan zen.

Zeren eta, errege-diademekin segizio luze baten ordez, familia batean bi arrabitari, hiru gortelari dotore eta italiar prelatu bat ikusi bait nituen.

Beste batean, bizargin bat, abate bat eta bi kardinale.

Begirune handiegia diet koroadun buruei gehiago luzatzeko hain arazo ederrean.

Baina konde, markes, duke eta antzerako beste batzuekiko ez nuen horrelako kezkarik.

Eta aitortzen dut atsegin dexentez aritu nintzela zenbait familiaren ezaugarri bereziak jatorrietaraino aztertzen.

Argi eta garbi aurkitu ahal izan nuen nondik datorkion familia bati okotz luzea, zergatik bigarren familia batek zital ugari izan zuen bi belaunalditan, eta inozo asko beste bitan; zergatik hirugarrenekoak izan ziren burugabeak, eta laugarrenekoak iruzurleak.

Nondik datorren, Polidoro Virgiliok (28) Italiar klerigo bat, bizitzaren zati handi bat Ingalaterran eman zuena eta Ingalaterraren Historia (1534) idatzi zuena halako etxe ospetsu batekoei buruz esaten duena: (29) Ez gizon indartsurik ez emakume garbirik.

Nola iritsi ziren ankerkeria, faltsukeria eta doilorkeria zenbait familiaren ezaugarri izatera, beraien armarriak beste.

Nork ekarri zuen lehenik sifilia aitonen seme-alaben etxe batera, gero zuzen-zuzenean gangail-tumoreak izan dituztelarik ondorengoek.

Eta ezin ni guzti honetaz harritu, ikusi nuenean zenbat gortemutil, lekaio, gurtzain, jokozale, arrabitari, antzezlari, kapitain eta ebasle zegoen tartejarrita oinordeen segidan.

Historia modernoa izan zen batez ere atsekabetu ninduena.